Gure kidea, Leire Idarraga Espel-en artikulua gaur berria n
Grebaren biharamuna. Osteguneko hamaika oroitzapen ditugu buruan dantzan. Azkeneko hilabete eta asteetan eguna irudikatzen genuen, eta bagenekien kolosala izango zela, baina beltzez jantzitako milaka eta milaka emakumeen artean Bilboko kaleetan zehar ibiltzeak barne-barneraino hunkitu gaitu. Goizetik egunaren berezitasuna arnas genezake; lehenengo mobilizazioetan, mugikorren taldeetako elkarrizketa luzeetan, garraiobideetan emakumeok elkarri botatzen genizkion konplizitatez betetako begiradetan. Emakume gazteak nonahi zeuden, sormenez betetako kartel iraultzaileei heltzen eta euren ondoan, mobilizazio eta borrokaz betetako iragana soinean daramatzaten emakumeak, hainbat irribarretsu, beste hainbeste negar malkoei eutsi ezinik. Denak elkarrekin, beste behin frogatzen, anitzak garela, elkarrekin borrokatzeko gai garela eta horrela egin nahi dugula. Eguneko momentu gorenenetan, gogoan izan genituen biolentzia patriarkalaren eraginez dagoeneko gurekin ez dauden emakume guztiak. Inoiz baino ozenago oihu egin genuen, ahotsa erauzi zaien emakume guztien oihua izan zen gurea. Oso presente izan genuen ere grebaren izaera globala, eta egun osoan zehar indarra eman zigun horren kontzientzia izateak. Grebara ez batzea erabaki zuten emakumeez ere oroitu ginen, beharbada zirrara berezia sentitu baitzuten telebistako irudiak ikusten, baita lotsa edo damua ere greba egin ez izanagatik. Hurrengoan besoak zabalik itxarongo zaituztegu.
Piztu den su honen berotasunera hurbiltzeko irrikan egongo dira hainbat, hasi dira jada batzuk agertzen. Susmoa dut datozen hilabeteetan sarraskijale dezenteri aurre egin beharko diegula, eta zenbait partidu politiko, erakunde, sindikatu zein beste eragile batzuen garbiketa moreen (purplewashing) testigu izango garela. Horiei guztiei zera esan nahiko nieke: greba honek sinadura kolektibo bat daramala, baina ez eurena, mugimendu feministarena baizik. Feministok gai izan gara tresna zahar bati, grebari, dimentsio berria emateko. Lana, zaintza, hezkuntza eta kontsumoa gelditzeko deialdia egin dugu, eta, proposamen horren bitartez, aldarria bizitzako esparru guztietara eraman dugu. Dena gelditu nahi izan dugu, dena aldatzeko. Orain, instituzio publikoen erantzuna ikusi nahi dugu; izan ere, hemendik aurrera ezin izango dira ezkutatu diskurtso hutsen atzean. Emakumeen eskubideen auzia saihetsezina bihurtu da, edo, hobeto esanda, bihurtu dugu, eta euren betebeharra politika feministak bultzatzen hastea da eta horietarako baliabide ekonomiko egokiak ezartzea.
Guk hurrengo egunak hausnarketarako hartuko ditugu. Baita energiak apur bat gordetzeko ere, baina ez denbora luzez; izan ere, aktibismo feministak etengabe ematen digunaz elikatuta borrokarekin jarraituko baitugu, gogotsu eta itxaropen berriztatuekin. Feministok errotiko aldaketa sozialerako lurzoru sendo eta emankorra sortu dugu. Gure biharamuneko desira? Atzoko garrasi ozena benetako politika feminista eraldatzaile bihurtu dadila.
Guk bidea argi dugu, gure proposamen soziopolitikoaren indar eraldatzaile eta iraultzaileaz konbentzituta baikaude. Mugarria izan den greba honetatik aurrera, mugimendu feministak aurrera dirau are indartsuago, sistema kapitalista eta heteropatriarkal hau goitik behera aldatu arte.