BIZKAIKO SOS ARRAZAKERIAREN JAKINARAZPENA
2020ko urriaren 10ean, Bilboko San Frantzisko auzoko Maiatzaren Biko kalean, bestelako arraza-ezaugarriak dituen gazte bati eraso eta iraindu egin zioten hainbat udaltzainek.
Gazteak Bizkaiko SOS Arrazakeriaren bulegoan salatu duenez, egun horretan lanetik irten zen eta, ia egunero egin ohi duen bezala, Maiatzaren Bia kaleko harategira jo zuen. Kale horretatik behera zebilenean, Udaltzaingoaren patruila bat ere autoz heldu zen noranzko berean. Gazteak autoa beragandik oso gertu igarri zuen (bera zebilen kalearen ezkerralderantz). Norbaiti zerbait esateko edo zerbait begiratzeko asmoz hurbilduko zirela pentsatu zuen. Bat-batean, orpoak autoak harrapatuta eduki zituen. Mutilak ukitu bat eman zion autoari eskuz, bera bertan zegoela eta oinak harrapatuta zituela adierazteko. Berehala atera zen udaltzaina autotik eta ukabilkada bi eman zizkion gazteari bularrean, arnasa hartu ezinik utzita. Udaltzainak hormaren kontra jarri zuen gaztea. Horren ostean, mutilari dokumentazioa eskatu zion, bere NANa Espainiakoa dela jakin barik.
Bien bitartean, Ertzaintza heldu zen, baina ez zuen esku hartu. Gaztea udaltzain erasotzailearekin hitz egitera hurbiltzen saiatu zen bakoitzean, beste udaltzainak ukabilkada bat ematen zion bularrean.
Jarraian, beste lagun batek esku hartu zuen, mutila lasaitzeko eta handik urruntzeko esanez. Izan ere, azken lagun honek udaltzainen aldetik (kalean bertan) antzeko abusuak eta erasoak jasan zituela salatu zuen duela gutxi Bizkaiko SOS Arrazakeriaren bulegoan.
Bizkaiko SOS Arrazakeriatik honako alderdi hauek salatu nahi ditugu:
– Bilboko udaltzainek 25 urteko gazte horren aurka eta egunero bestelako arraza-ezaugarriak dituzten beste hainbat lagunen kontra egindako polizia-indarkeria arrazista. Indarkeria polizial hori arrazakeria instituzionalaren barruan kokatzen da eta egiturazko arrazismoa duen gizarte honetan ematen da. Izan ere, horrela, gizarteak berak bere iruditerian «gaizkiletzat» jotzen dituen kolektiboen aurkako diskriminazioa normalizatzen du.
– Funtzionario publiko batek bestelako arraza-ezaugarriak dituen gazte bati eragindako gorroto-delitua da, justifikaziorik ez daukan indarkeria fisikoa erabilita. Indarkeria-ekintza hori ezin da inolaz ere udaltzainek euren burua babesteko dituzten moduen bidez justifikatu; izan ere, gazteak ez zuen inoiz erresistentzia erakutsi eta, edonola ere, udaltzainek ezelango justifikazio barik ekin zioten erasotzeari. Atxiloketaren kasuan ere, gaztea arraza-profilean oinarritutako irizpideen arabera kontrolatzera joan ziren, itxura fisikoz arrotza delakoan. Horrelako gertaerek erakusten dute argi eta garbi bertoko segurtasun-indarren baitan dagoen arrazakeria.
– Ez da hau izan polizia-abusuei buruz guregana heldu den lehenengo kasua. Are gehiago, ondorioztatu dugunez, handitu egin da udaltzainen indarkeriazko ekintzen kopurua, aldez aurretik jokamolde hori eragiteko inolako ekintzarik egon barik.
– Herri-erakundeen arrazakeria agerian uzten duten hainbat adierazle daude: San Frantzisko auzoko polizia-indarren neurribako hedapena; agenteei profil etnikoaren arabera identifikazioak egiteko aukera ematen dieten polizia-protokoloak; eta polizia-indarrek zenbait gizarte-talderen kontra eragindako erasoek zigorrik ez edukitzea, herritar horiei haien duintasuna eta eskubideak kenduta.
Nazioarteko Erakundeek gaitzetsita dituzten bidebako jarduera baztertzaile horiekin behingoz amaitzea eskatu nahi dugu, gure kaleetan egunero ematen diren praktika horiekiko erantzukizun instituzional eta politikoa erakustearekin batera.
AMAITU BEHINGOZ POLIZIAREN ABUSU ETA INDARKERIA ARRAZISTAREKIN!
BIZKAIKO SOS ARRAZAKERIA