Aura Lolita Chávez Ixcaquic, giza eskubideen defendatzailea da, feminista. Gaur, Estrasburgon, Sajarov Sarien banaketaren ekitaldian, bera finalista izanik europako transnazionalek giza eskubideak urratzen dituztela salatu du eta europar instituzioak horretan erantzukizuna badutela. Sistema neoliberal eta patriarkalaren aurka eta transnazionalen inpunitatearen aurka, borroka eta erresistentzia feminista! Hemendik “gorpuzten” zaitugu.
TRANSNAZIONALEK GIZA ESKUBIDEAK URRATZEN DITUZTE, HORREGATIK, EUROPAR BATASUNARI EGOERA HONEKIN AMAITZEKO BEHARREZKOAK DIREN MEKANISMOAK EGITURATZEA ESKATZEN DIOGU.
Leku honetan gaudenez, Europar Batasuneko instituzioen egoitzan, argi eta garbi zera esan nahi dut: EUROPAKO TRANSNAZIONAL GEHIENEK geroz eta leku gehiagotan GIZA ESKUBIDEAK URRATZEN DITUZTE eta Europar Batasunak horretan eta horrekin erabateko erantzukizuna du.
Hala ere, guk erresistentzian dugun esperientziak eta gure lurraldeen, uren, basoen eta bizitza beraren defentsan dugun esperientziak modurik gogorrenetan erakutsi digute arazoa gaur egungo dominazio sistema dela. Sistema honetan baitaude guzti hauek sortzen dituzten kausak: Desorekak eta injustiziak, amaierarik gabeko explotazioak, gure lurraldeen eta lurren lapurretak, gehiengoaren pobretzea, desberdintasun-arrailen handitzea eta matxismoaren eta feminizidioen areagotzea, (azken hauek emakumeok erasoen erdiguneko ardatz jartzen gaituzte), edota aldaketa klimatikoa ere, honek planetan gaur egungo eta etorkizuneko belaunaldientzako bizitza arriskuan jartzen duelarik. Hau da inposatzen diguten garapen eredua eta argi eta ozen esaten dugu ez dela guk nahi dugun garapena.
Eta esparru honetan, transnazionalak dira benetako botere korporatiboak, herriak etorkizunik gabeko explotaziora eta etsipenera doazen bideetatik eramaten dituztenak. Gure lurraldeak lapurtzen ari dira, gure bizi sistemak menderatzen dabiltza. Eta hori guztia, sistema menderatzaile honetan betiko elite politiko eta ekonomikoen interesei eta irabaziei lehentasuna emateagatik, norbanako eskubideak eta herrien giza eskubide kolektiboak atzean utzita.
Guk, herriek, eutsi egingo diogu eta aurre egiten jarraituko dugu. Eta hemen ere, Europan, gure eskubideak benetan erabili ahal izatea eskatzen jarraituko dugu. Hori dela eta Europar Batasunari erabaki honi ekarpen positiboak ematea eskatzen diogu, ez dezala oztopatu denon artean bidezkoagoa den mundu bat eraikitzeko bidea.