Imagen realizada por Argia
Mugimendu feministak kaleak bereak egin ditu eta hau geldiezina da. Mundua gelditu dezakegula agertu dugu, orain eraldatuko dugu.
M8an mugimendu anitza eta belaunaldiarteko garela ikustarazi genuen.
Euskal Herriko mugimendu feministatik herri eta hiri guztietako kaleak bete eta lanuzte zein greba deialdian parte hartu genuen emakume guztioi eskerrak eman nahi dizkizuegu. Eskerrak baita lanuzteak zein greba egin ezinik, hau bultzatzeko bideak aurkitu zuten emakumeei ere.
Mugimendu zabala garenez, ez dugu aukerarik izan bildu eta elkarrekin balorazioa egiteko, baina egunotan egitea espero dugu.
Lehenengo balorazioa: erabateko arrakasta izan da. Kaleak, plazak, egunkari azalak, albistegiak bete ditugu, herri mailan, maila nazionalean, estatu mailan eta nazioartekoan. Mugimendu feministarentzat bereziki baina baita jendartearentzat orokorrean, egun historikoa izan dela pentsatzeko hainbat arrazoi ditugu. Gaurkoan zifrek eta hitzek ezin dute 8an gertatutakoa benetan deskribatu. Ezinezkoa da bizitako sororitate eta konplizitate momentuak nahiz emozioz eta irribarrez betetako uneak zenbatzea.
Aurtengo martxoren 8a, inflexio-puntu bat izan zen, milaka emakume, batzuk antolatuak eta beste milaka antolatu gabekoak, argi izan genuen kalera irtetea, aldarrikapen kolektiboak egitea, elkarrekin ibilbidea egitea eta zapaldu eta itotzen gaituen sistema heteropatriarkalaren kontra gure ahotsak entzunaraztea ezinbestekoa dela guzti hau eraldatzeko. Dagokiguna defendatzeko indarra eta muskulua duen mugimendua garela agertu dugu. Argi eta garbi adierazi dugu dena nahi dugula eta orain nahi dugula, ez dugula itxaroten jarraituko.
Aspalditik dauzkagu hainbat eremu barne hartzen dituzten proposamenak: sexu ugaltze eskubideak, hezkidetza, indarkeria matxistari aurre egiteko bideak, Giza Eskubideak eta, zapaldu eta gure lanak ikusezin bihurtzen dituen eredu ekonomikoa aldatzeko proposamenak. Orain arte ez digute kasurik egin eta gutxiengoa izatea leporatu digute baina jada ezin izango dute hori egiten jarraitu, 8an Euskal Herriko emakume gehienok eredu sozial feminista nahi dugula adierazi genuen.
EAJak berriro ere, ohikoa duen zehaztugabetasunarekin, zer egiteko prest dagoen erakutsi digu; 15 minutuko elkarretaratzea egin, jendartearen erantzukizuna eskatuz. Guk berdintasuna lortzeko bitartekoak jartzeko esaten diegu eta indarkeria matxistarekin amaitzeko erantzukizuna agintean dagoenaren ardura dela eta kalean izango gara erantzukizunez jardun daitezen exijituz.
Jada egin daitezkeen gauza asko dago, hasteko azpikontratazio eta sektore feminizatuen prekarietatearekin amaitu. Esaten diegu, guri kristalezko sabaiek baino zoru itsaskorrek arduratzen gaituztela, prekarizatuenak, migratuak eta etxeko langileak dauden lekua. Hemen ere jada zeozer egin dezakete, esaterako Lanbiden DBE jasotzen dutenen eskubideak bermatu beharrean, eskatzaile gaizkiletzat jotzen dituztenak kontrolatu.
Martxoaren 8an, egunero egiten ditugun zaintza lanak egiteari utzi genion eta lehen aldiz hauek nola egin pentsatu behar izan zen, zer egin umeekin, gaixoekin, dependentzia duten pertsonekin, nagusiekin… emakumeak ez gaudenean. Grebaren formatu eta zaintzari buruzko galdera berriak sortu ziren, orain arte ikusezinak ziren liskarrak ikustaraziz. Baita proposamen berriak sortu ziren, adibidez, jantoki eta haurtzaindegi komunitarioak. Eta lan egiten duten esplotazio egoera salatu zuten etxeko langileei protagonismo garrantzitsua eman zitzaien. Zentzu honetan, greba feminista gertaera garrantzitsua izan da kontzientziak eta praktika kolektiboak aldatzeko.
Baita kontsumo grebaren inpaktu handia egon zen, saltoki handietan aldarrikapen ekintzak egiten, pertsonan eta naturaren esplotazioan oinarritzen ez den beste kontsumo eredu bat nahi dela adieraziz. Horrez gain, emakumeen irudia objektu sexual bezala eta sistematikoki estereotipo sexistak errepikatzearen salaketa egin zen.
Hezkuntza zentroetan, irakasleak eta ikasleak elkarrekin mobilizatu ziren. Tokiko arloan, eskola, haurtzaindegi, institutu, unibertsitateetan ekintza desberdinak antolatu ziren eta nabarmena izan zen ikasle mugimenduaren parte hartze oso handia manifestaldietan.
Lan grebari dagokionez, milaka emakumek lanuztea egin zuten sindikatuekin zegoen elkartasunari esker. Emakume bakoitzak greba egiteko era aurkitu zuen eta greba feministarekin bat egin zuen. Azpimarratzekoa da batez ere sektore feminizatu askotan egin den ahalegina. Grebak jarraipen berezia izan du gehiengoa emakumez okupatuak dauden espazioetan: zaintzak, garbiketa, hezkuntza.
Gainezka egin zezan greba nahi genuen eta lortu dugu. Greba feminista errealitate bihurtu dugu, lan arlotik haratago joan da, eta martxoak 8a berriro ere aldarrikapen eta borroka eguna bihurtu da. Eguneko irudiek erakusten dute herriz herri eraikiz doan lan kolektiboa.
Mugimendu Feministaren datuen arabera 230.000 emakume manifestatu ziren Euskal Herrian. Hiriburuetan manifestazio masiboak burutu ziren eta zenbait kasutan bertaratutakoen kopurua historiako handiena izan da. Parte-hartzea ez zen soilik hiriburuetan bildu, 200 herri euskaldun baino gehiagotako manifestazio deialdietan ere lagun asko elkartu ziren. Datuok historikoak izateaz gain, mugimendu feministaren mobilizazio indarra eta sareetan antolatzeko gaitasuna frogatzen dituzte.
Eraildako emakumeak omentzeko ikur feminista erraldoia irudikatu zen Bilboko Kale Nagusian eta Plaza Eliptikoan emozioz betetako eserialdi isilean. Donostian ere milaka emakumek parte hartu zuten eserialdian eta Munilla apezpikuaren kontrako ekintza desobedientea egin zen. Iruñean goizeko ekintza nagusiak egungo kontsumo eta esplotazio ereduaren ikur diren azalera handiko saltokietara zuzendu ziren. Horrez gain, kaleak moztu zituzten “si esta es vuestra paz, estamos en guerra” leloa oihukatuz. Gasteizen 30 aktibistek GSINen itxialdia egin zuten, kanpoan ehundaka emakumek babeste zituztela, trafikoa eta hiriko bide nagusietako bat bi orduz oztopatuz.
Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeako arratsaldeko 20:00etako manifestazioak are jendetsuagoak izan ziren. Manifestazioak hasi baino askoz lehenago, kaleak gainezka zeuden Iruñeako el Corte Inglés inguratzen zuen katearekin, Donostiako mobilizazioan bat egiten zuten zutabeekin eta Bilboko kalejirarekin.
Bestalde ezin dugu polizia-indarren jarrera errepresiboa ahaztu. Sei emakume identifikatu zituzten, bat Iruñean eta bost Araban, hiru Gasteizen eta bi Zigoitian, eta kazetari bati mozal legea aplikatzeko mehatxua egin zioten argazki batzuk argitaratuz gero.
Baina zifra hauek ez dute dena esaten, greba feminista honen izaera internazionalista nabarmendu behar da. Sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta kolonialistaren kontra, sare kontrahegemonikoak sortzeko ibilbidean pausu bat gehiago emateko balio izan du. Mobilizazio oso adierazgarriak egin dira mundu osoan zehar.
Mugimendu feministak kaleak bete ditu eta geldiezina da. Belaunaldiarteko mugimendua garela ikustarazi genuen, gazteen presentzia azpimarratu nahi dugu, baina baita pentsiodunena ere. Gure aniztasuna ikusarazi genuen, emakume migratuek, arrazializatuek, bollerek, transek eta aniztasun funtzionala dutenek Euskal Herri osoko kaleak hartu zituzten.
Mundua gelditu dezakegula erakutsi dugu. Orain mundua eraldatzea proposatzen dugu.
GORA BORROKA FEMINISTA!