Leire Idarraga, 2019ko martxoak 3, Berria
Bizitzak erdigunean! Horixe da aurtengo greba feministaren leloa. Bi hitz eta harridura marka. Elementu gutxi ditu, eta, hala ere, bere baitan emakumeon aldarri guztiak biltzen dituen leloa da, bizitza zentroan jartzeak sistemaren egituraketa guztiari eragiten baitio. Lelo horren pean aniztasun funtzionala dugun emakumeon oihua ere badago. Izan ere, egunez egun, kapazitismoak eragiten dituen jazarpen-mota ezberdinei aurre egin behar diegu, oztopo-lasterketa amaigabean.
Kapazitismoaren errezeta sinplea da: hasteko, pertsonak sailkatzeko eskema aplikatzen da; zentroan «gorputz ahaldunak», langile produktiboak, edertasun ereduekin bat datozenak. Ertzetan, «ez-ahaldunak», lan munduaren erritmo frenetikoari eutsi ezin diotenak, itsusiak. Behin sailkapena eginda, funtsezkoa da hura erreproduzitzea, eta horretarako, estereotipoz beteriko etiketak ditugu eskura: elbarria, desgaitua, anormala, berezia.
Horrekin guztiarekin eraikitzen dugu normaltasuna, egungo gizartearen fikzio handienetariko bat. Ez dago inor normaltasunaren parametro guztiak beteko dituenik, eta, hala ere, sailkapen horrek gure bizitzak baldintzatzen ditu. Izan ere, normaltasunaren azterketa ez gainditzeak eragiten baititu patologizazioa eta bazterkeria; finean, oinarrizko eskubideen urraketa.
Etiketa horren zama daramagun emakumeontzat bazterketak hamaika aurpegi ditu, eta etengabe elkar gurutzatzen dira. Hiri eta garraiobideen diseinuek gure jarduna oztopatzen dute, osasun zerbitzuek umetzen gaituzte, lan merkatuaren egituraketa kapitalistak ez digu aukerarik ematen, komunikabideek ikusezin bihurtzen gaituzte. Partaidetza politikorako espazioetan lekua eta ahotsa izatea ere erronka da, maiz, erabiltzen diren erritmo zein lengoaietan ez baitugu lekurik.
130 kiloko aulki motordunaz baliatzen naiz munduan barrena ibiltzeko. Hortaz, ni etiketatzeko jendeak segundo bakar bat besterik ez du behar. Jaso izan ditut begirada paternalistak. Etorkortasunez beteriko komentarioak. Zuhurtzia falta duten galderak. Tarteka ere, aukera izan dut besteen ezjakintasunetik jaiotzen diren egoera dibertigarriak bizitzeko. Egoera horiek guztiek indartu dute nire ikuskera; ezgaitasuna duten pertsonei buruz hitz egiteari utzi behar diogu, ezgaitzen duen jendarteari buruz hitz egiten hasteko.
Martxoaren 8an bizitzeko modu berriak eraikitzeko helburuarekin aterako gara kalera. Egun horretan, «ezgaitu» etiketa duen emakumea naizen heinean, fikziozko normaltasuna ezbaian jartzera aterako naiz. Guztion zaurgarritasuna aldarrikatuko dut, jarri nahi dizkiguten muga eta inposaketetatik haratago, argi baitut gorputza sormen eta eraldaketa espazioa izan daitekeela, disidentziarako espazio politikoa. Egun horretan, «ezegokiak» diren gorputzen artean aliantzak sortzera goaz, askotan ezeztatu diguten espazioa okupatu eta ikusgai egitera, guztiok partekatzen dugun aniztasuna zentroan jartzeko.