Erresistentzia feministak: estrategia kolektiboen kontakizunak koadernoaren bigarren edizioa deskarga dezakezue. Euskal Herriko kolektiboei egindako elkarrizketak euskaraz idatzita dauden bertsio elebiduna da. Gainera, Kiskali Basauriko (Euskal Herria) neska gazteen talde feministaren kontakizuna eta Plataforma Canarias Libre de CIEren kontakizuna gehitu ditugu.
Koadernoa hemen deskargatu dezakezue.
COVID-19ak eragindako pandemiaren lehen etapan ikusi genuen eta oraindik ere ikusten ari garen moduan, emakumeen borrokak eta guk sostengatzen ditugun eta gu bizi garen komunitateetako bilbeak aktibo egon dira hainbat herrialdetan, eta izugarrizko energiarekin gainera. Horren erakusgarri dira, hain zuzen ere, oso denbora gutxian gure auzo, herri eta hirietan sortutako auzo- eta komunitate-sareak, egoerak bizilagunen artean eragin dituen beharrei erantzuteko. Sare horiek guztiek ikuspegi feminista argia dute, bai eta arrazakeriaren aurkakoa eta giza eskubideen aldekoa ere, eta hori pentsaezina izango zatekeen gizarte-mugimenduek eta, zehazki, mugimendu feministak egunez egun egindako lanagatik ez balitz.
Koaderno hau argitaratuta,FeministAlde kolektibotik pandemian zehar bizirik irauteko tresna bihurtu diren teoria eta praktika feministak ezagutu, iradoki eta partekatu nahi ditugu. Ikuspegi feminista, antikapitalista eta internazionalistatik, dagoeneko ezagunak ziren praktika batzuk mapatu ditugu, eta azkenaldian sortu diren beste batzuk identifikatu, guztiak bateratu ahal izateko, betiere neurgailu berarekin alderatu edo neurtzeko asmorik gabe. Azken mobilizazio feministen boladatik hona han eta hemen sortutako ikuspuntuak trukatu ditugu, kritikoak, feministak, komunitarioak nahiz antolakuntzakoak.
Testuinguru horretan, eztabaida hauek izan ditugu, besteak beste: alde batetik, neurri intersekzionalak nola praktikan jarri, hau da, klase-, genero- eta arraza-zapalkuntzen arteko elkarguneak kontuan hartzen dituzten gizarte-proposamenak; eta, bestetik, koalizio berriak sortzeko, ikasketa berriak abiarazteko eta beste lurralde batzuetan ikuspuntu internazionalistatik kolektibo feministekiko zubiak eraikitzeko premia.
Jasangarria ez den bizi-ereduari ahalik eta lasterren erantzuteko, eredu horrek milioika pertsona esplotatzen eta hiltzen baititu planeta osoan, bereziki emakumeak.
Ez dugu «normaltasunera» itzuli nahi, lehen geneukan normaltasun hori oinarri patriarkal, neoliberal, kolonial, inperialista eta arrazisten gainean eraikita zegoelako. Pandemiak sistemaren nondik norakoak ikusteko aukera eman digu, egitura eraldatzeko eta beste bizimodu batzuk proposatzeko. Horretarako, funtsezkoa da hainbat genealogia dituzten kolektiboen artean praktikak eta hausnarketak partekatzea, komunitatearena eta guztiona denari buruzko eztabaidari ekitea, nondik gatozen eta norantz goazen jakitea. Eta gure harremanak nola sendotu jakitea, aurrez aurre aurkituko ditugun mehatxuen parean egoteko.
Koaderno honetan, Bizkaian, Bartzelonan, Kanarietan, Tijuanan, Oaxacan, Caucako Iparraldean, Rio de Janeiron eta Roraiman izan diren erresistentzia-esperientzia kolektiboen berri ematen da. Esperientzia horietako batzuk hiri-eremukoak dira; beste batzuk, berriz, landa-ere-
mukoak, eta horietako askok eguneroko premia larriei erantzutea dute helburu, elikadurari nahiz arrazismoari, migrazio politikei edo fake news delakoei, adibidez; beste batzuek, ostera, indarkeriaren aurrean defentsa-estrategiak sortzeko edo prekarietatea agerian jartzeko xedea dute. Bakoitza bere lurraldetik eta bere ezaugarriekin, baina guztiak gizarte -eta komunitate-antolakuntzaren bide berean, mundu osoan gero eta pertsona gehiago kanporatzen dituen, gizatasuna erabat kentzen duen eta indarkeria erabiltzen duen sistemari uko eginez.