Bilbo Feminista Saretzen-en Komunikatua
Gertatutako azken indarkeria matxista kasuen eta instituzioek zein komunikabideek emandako erantzunaren aurrean, Mugimendu Feministak honakoa adierazi nahi dugu:
- Mugimendu feminista ANTIARRAZISTA garela. Emakumeok eraso, bortxatu era erailtzen gaituztenak GIZONAK dira; euren jatorria, adina, maila soziala edo biktimarekin duten harremana edozein delarik ere, EMAKUME izate hutsagatik. Arreta-fokua etengabe erasotzailearen jatorrian jarri nahi honek begirada benetan garrantzitsua denarengandik desbideratzea beste asmorik ez du: egiturazkoa eta sistemikoa den indarkeriaren aurrean gaudela. Gure borrokari ezikusia egiteaz eta biktimak gutxiesteaz ASKI DA!
- ARAZOA ERASOTZAILEAK direla. Arazoaren fokua gugan jartzeaz ere ASKI DA. Gure portaera zein den, nondik ateratzen garen, ze ordutan egiten dugun, norekin harremantzen garen, etab. Esaiezue HAIEI ez gaitzatela ERASO, ez gaitzatela BORTXATU, ez gaitzatela ERAIL. Horregatik morboa besterik bultzatzen ez duten hainbat KOMUNIKABIDEREN jarrera eta mezu arduragabea salatu nahi dugu, baita ERTZAINTZAK jaiei begira abiatutako kanpaina ere, zama emakumeongan jarri eta gure eskubideak murrizten ditu eta. Indarkeria matxista ikuspegi MISOGINO honetatik lantzen den bitartean, emakumeak bihurtzen gaituzte ERANTZULE, eta beraz, erasotzaileak justifikatu eta babesten dira. Agerikoa da indarkeria matxista ikuspegi matxista batetik abiatuta konpontzea EZINEZKOA dela eta egiturazko indarkeria mantentzea soilik bermatzen duela.
- Instituzioei BIKTIMENTZAKO BABES handiagoa EXIJITZEN dugu. NAZKATUTA gaude euren biktimentzako zein gainerako emakumeentzako mehatxu bat suposatzen duten eta libre dauden bortxatzaile eta erasotzaileez. Ez dugu penak modu neurrigabean igo daitezen bultzatu nahi, ezta errugabetasun presuntzioa urratu dadin, baizik eta gauzei euren izenaz deitzea (“Ez da abusua, bortxaketa da!”) eta biktimen SINESGARRITASUNA auzitan ez jartzea. JUSTIZIA eta kalean ASKE ibili ahal izatea da eskatzen duguna! Emakume erasotuen identitatea eta datu pertsonalak publiko egiten dituztenekiko, tolerantzia ZERO. Eskubide urraketa larri hau burutzen dutenekiko politikak eta erantzun judizialak ezinbestekoak dira.
- PREBENTZIOAN sakontzen duen erantzukizun politikoa EXIJITZEN dugu. Neurri polizial eta zigortzaileek ez dute ezertarako balio ez badoaz erasotzaileengan eta emakumeak jabetza-objektu gisa tratatzen gaituen maskulinitate eredu nagusian arreta jarriko duten prebentziora bideratutako neurri hezitzaileen eskutik ez badoaz.
Aski da BORTXAKETAREN KULTURA justifikatzeaz, objektu hutsak bagina bezala tratatzeaz, kaleko jazarpenez, gure hitza auzitan jartzeaz, gizonen desirak emakumeon eskubideen gainetik jarri, justifikatu eta normalizatzeaz. Guzti honengatik, ez dugu amore emango errealitate sozial JASANEZIN honen ERRORA jotzen duten neurri irmoak eskatzen.
Jendartean errotutako MATXISMOA eta MISOGINIA sustraitik borrokatu behar ditugu. Erasotzaileak PATRIARKATUAREN SEME OSASUNTSUAK BESTERIK EZ ZARETE eta! Erasotuak garen bitartean, AUTODEFENTSA FEMINISTARA deitzen jarraituko dugu.
Salatu behar izateaz NAZKATUTA gaude, ez dugu ahizpa bakar bat gehiago ere erasotua, bortxatua edo eraila ikusi nahi!
ASKI DA!
GORA BORROKA FEMINISTA!