Orain dela egun batzuk Bilbon jazotako gertakari larriak salatzen dituen testigantza hau jaso dugu. Gertatutakoa zabaldu nahi dugu eta Bilboko Udalari eta Ertzaintzari azalpenak eta erantzukizunak eskatzen dizkiegu.
Politikariek erakundeetatik indarkeria matxistaren alorrean egiten dituzten gauza txikiak sutsu defenditzen dituzte eta gainera indarkeria matxista asko arduratzen dien arazo bezala saltzen digute.
Bilbobusak arrisku egoerak ekiditeko geltokien artean geldituko direla ozenki azaltzen diguten bitartean, (oraindik neurria martxan jarri gabe), Bilbon, zaurgarritasun egoeran zegoen emakume baten aurrean, udaltzaingoak eta Ertzaintzak euren aurreiritzi eta estereotipoak plazaratzen dituzte arriskutsua eta agian delitua izan zitekeen egoera baten aurrean.
Aztertu ezazue partekatzen dugun kontaketa eta azaldu eta argitu diezagutela:
- Zein da Udaltzaingoak eta Ertzaintzak jarraitu beharreko protokoloa holako egoera baten aurrean?
- Zer nolako formakuntza eta prestakuntza daukate mota horretako egoera baten aurrean aurreiritzi eta estereotipoekin erantzuten duten agenteek?
- Hau da poliziak emakumeak “babesteko” duen konpromisoa?
- Hauek al dira Bilboko Udalak indarkeria matxistaren aurka jartzen dituen neurriak?
Azalpenak exijitzen ditugu, eta horietaz gain baliabideak, profesionaltasuna eta koherentzia eskatzen ditugu indarkeria matxistaren arloan bultzatzen dituzten neurrietan.
SALAKETA
Urtarrilak 14, goizaldeko 05:00ak inguru. Maiatzaren Biko kalean behera gindoazen lagun talde bat, eta Naxa kalearekin izkina egiten duen puntura heldu ginenean zeharo larria iruditu zitzaigun zerbait ikusi genuen: hiru gizonezko, hauetariko batek konorterik gabe zegoen emakumezko bat gainean zeramala.
Lagunok elkar begiratu eta argi ikusi genuen hura arraroa zela eta zerbait egin beharra geneukala, beraz hirukotearengana hurbildu eta ahal modura hauek atxikitzen saiatu ginen. Ea dena ondo zioan eta laguntzarik behar ote zuten galdetu genien bidean aurrera egitea oztopatzen genien bitartean, eta hauek Maiatzaren Biko kaleko bazter batean eseri ziren ezinbestean.
Hasieran interesa besterik erakusten ez zuten gure galderen (ea neska ondo zegoen, laguntzarik behar zuten, …) aurrean hirukoteak adierazitako jarrera nabarmen iheskorraren aurrean egoera hartan zerbait oker zebilela geroz eta agerikoagoa egin zitzaigun, eta segidan hasi ginen akusaziozko galderei bide ematen: neska hura nor zen, zergatik zegoen egoera horretan, beraiek zeintzuk ziren, etab. Konorterik gabe zegoen emakume hari abusu egiten ari zirela uste genuela argi geratu zenean hauek urduri jartzen hasi ziren eta kontua leundu asmoz broma tonuan erantzuten hasi ziren: neska beraietako baten bikotekidea zela, ezer ez zela gertatzen, etab. Gutako bat, tarte horretan, neska geureganatzen ahalegindu zen, baina gizonek indarrez kendu zioten hau besoetatik. Egoera usain txarra hartzen hasia zen horretan Udaltzaingoaren autoa ikusi nuen aldapan behera, eta bidera atera nintzen hauei geratzeko eskatuz. Gidariaren leihatilara hurbildu eta gertatzen ari zena kontatu nion, mesedez esku hartu zezaten eskatuz. Baina hauek autotik atera, gizonezkoei neska hura zein zen galdetu, entzun nahi zuten erantzuna entzun (neska beraietako baten bikotekidea zela, alegia) eta kontua bukatutzat ematera mugatu ziren. Hori gutxi ez eta, hura horrela utzi ezin zutela aurpegiratu genienean “pelikula gehiegi ikusten ditugula” jaurti zigun autoa gidatzen zuen udaltzaingoak bidean aurrera egin aurretik.
Udaltzaingoa abiatu ostean, hiru gizonezkoek oraindik ere konorterik gabe zirauen emakumea berriz ere gainean hartu eta Maiatzaren Biko kalean bertan zegoen auto baten atzealdean sartu zuten. Gure muturren parean ikusi genuen nola beraietako bat gidariaren eserlekuan jarri eta autoan abiatzen zen, beste biak San Frantzisko kalerantz alde egiten zuten bitartean.
Autoaren matrikula jaso eta Ertzaintzari deitu genion, hiru aldiz deitu ere, iruditzen baitzitzaidan ez nindutela serio hartzen eta ez zeukatela kontu harekin ezer egiteko asmorik. Bigarren deian erantzun zidatenak argi utzi zidan beraien hipotesia, erantzuna, hitzez hitz, halako zeozer izan baitzen: “zer nahi duzu guk egitea tipa hori parrandan atera eta zeharo mozkortzen bada, beronen bikotea berau zaintzera behartuz”. Hirugarren deiarekin ere lasai geratu ez ginenez, etxera abiatu aurretik komisalgotik pasa eta salaketa jartzea erabaki genuen. Eta gaur arte.
Salagarria deritzogu bai Udaltzaingoak zein Ertzaintzak erakutsitako jarrera, uste baitugu artatu gintuztenetako inork ez zeukala indarkeria matxisten aurrean esku-hartzeko protokoloen gaineko ideia zipitzik ere. Konorterik gabe dagoen eta berarekin dauden hiru gizonezkoekin gordetzen duen harremana argia ez den emakume baten zaurgarritasun egoera honen aurrean bere bikotekidearen zaintzapean dagoen mozkortutako emakume bat besterik ez delako hipotesiarekin kasua alde batera uzteari serioa deritzogu oso.
Ez da onargarria halako gertaera batean aurrean bakarrik ni, salaketa jartzen duen norbanakoa, identifikatu araztea eta salatzen zen gertakariak barnebiltzen zituen gainontzekoei identifikatzeko ez eskatzea. Onargarria ez den modura halako kasuak salatzeagatik pelikula gehiegi ikusten dituen histerika bat zarela entzun behar izatea. Zer esanik ez, gertakariaren berri ematerakoan Ertzaintzako agente batek aurreiritzi matxistei bide eman eta parrandan atera eta zeharo mozkortzeagatik neskari errua botatzearen gainean, bere bikotekide koitadua hau zaintzera behartu duela ondorioztatuz.
Eta guztiaren gainetik, ez da onargarria, inolaz ere, larritasun ikaragarrizkoak izan daitezkeen indarkeria kasuen aurrean legalki esku-hartze ahalmena daukatenek erasotzaileekin erasotuarekin baino gehiago enpatizatzea, bilakaera benetan zorigaiztozkoa izan dezaketen gertakariei eman beharko litzaieken garrantzia apurrik ere eman gabe.