BFA-k Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunerako Foru Arauaren aurreproiektua egin du. Feministalde-tik proiektu honi zenbait alegazio aurkeztu dizkiogu, baloratu eta kontuan hartu daitezen. Jakin badakigu proposamen erregulatzaile honek duen garrantzia, izan ere, arau-tresna honek berdintasun politika eraginkorragoak gauzatzea, eta benetako berdintasunera aurrera pausuak ematea ahalbidetuko luke. Hala ere, kezkatzen gaitu:
- Egungo araudi-markoa ez betetzea.
- Baliabide ekonomiko zein materialen urritasuna.
- Izaera loteslea duten araurik ez egotea, araua betetzea bermatu ahal izateko.
- Ikuspegi feministarik ez edukitzea Eta teoria feministatik ez abiatzea.
Zalantzan jartzen ditugu gure jendartearen egitura aldatzera bideratuta ez dauden diskurtso, praktika zein politika instituzionalak. Askotan, indibidualak diren kontu eta jarrerak eta jendartearen konpromiso kolektiboa erabiltzen dute instituzioek, berdintasun politiken aplikazioan zuzenean dagozkien ardurak ez onartzeko eta euren gain ez hartzeko.
Instituzioek ez digute bidea errazten, kasu honetan BFA-k ezta, izan ere, Foru Araua eratzerakoan ez du mugimendu feminista kontuan hartu, ezta talde eta kolektibo feministei aurreproiektua helarazteko ahaleginik egin ere. Ez digu prozedura azaldu guk alegazioak egin ahal izateko, horren ondorioz uste dugu ez dutela gure parte hartzea sustatu nahi izan.
Guk irmoki sinesten dugu mugimendu feministako kideok baliagarriak eta ezin bestekoak garela gure jendartea aldatu dezaketen proposamenak eraikitzeko, politika instituzionalaren ekimenekin zerikusia duten gauzetan barne. Ezin bestekoa da gogoratzea politiko publikoek berdintasun politikak integratu dituztela (hobeto edo okerrago) mugimendu feministaren borroka eta eskakizunei esker.
Ikusi dugu Berdintasunerako Foru Arauaren aurreproiektua paperean jaso daitezkeen asmoz, baieztapenez eta helburu orokorrez beteta dagoela, baina jakin badakigu, paperak dena jaso dezakeela, eta gainera Foru Arau ez betetzeak ez duela inongo ondoriorik izango, ez baitu erregimen zigortzailerik. Horregatik guztiagatik gure desadostasuna adierazi nahi izan dugu aurreproiektuak jasotzen dituen zenbait planteamenduekin eta horretaz gain, gure proposamen batzuk gehitu ditugu.
Guk kaleetan borrokatzen jarraituko dugu, baina honetaz gain erakundeei proposamen eta eskakizunak egiten jarraituko dugu, guk bai, berdintasunaren alde eta emakume guztion eskubideen aldeko borrokan, gizarte eragile moduan dugun konpromisoa geure gain hartzen dugulako.