FeministAldek bat egiten dugu irailaren 27an mundu mailan deituta dagoen klimaren aldeko mobilizazioarekin.
Aurreko martxoaren 8an esan genuen bezala, bizitzak erdigunean jarri nahi ditugu; bizitza jasangarriak guztiontzat. Hau da, gure interdependentzia eta ekodependentzia kontuan izango dituzten bizitza jasangarriak; erantzukizun kolektiboan oinarritutakoak; ez pertsonak, ezta planeta ere, esplotatzen ez dituzten bizitzak. Horregatik, grebarekin, feministok planto egingo diogu kapitalismoari; sistema honek, (gizakion eta gizakiak ez direnen) bizitzak baliabide ekonomiko bihurtzen dituelako eta gure biziraupena arriskuan jartzen duelako.
Sistemak ez du bakarrik emakumeon lan erreproduktiboa ustiatzen, prekarietatea ere sortzen du eta etorkizun gabe uzten gaitu. Aldaketa klimatikoari aurre egiteko itzulerarik ez duen puntura iristen ari gara. Azkar eta irmo ez badugu jokatzen, klimaren krisiak ondorio larriak izango ditu miloika pertsonentzat, eta Lur planetan bizitzeko ezinbestekoak diren espezie ordezkaezinak desagertzea ekarriko du.
Gainera, ondorioak ez dira berdinak izango denontzat. Krisi ekologikoak bizitzaren prekarizazioa areagotzen du eta berriz ere, sistema heteropatriarkal kapitalistak, aldaketa klimatikoaren ondorioak leuntzeko erantzukizuna emakumeongan* ipintzen du. Hori dela-eta, zaintza lanen krisia eta zaurgarritasun egoerak okerrago egiten dira aldaketa klimatikoarekin; etxe duina, energia, ura eta elikadura eskuratzea zailago eginez. Ez alferrik, emakumeak* dira munduko leku askotan lurraren aldeko borroketako lehenengo lerroan daudenak, kanporaketen kontra borrokan eta erresistentziak eta alternatibak eraikitzen; eta beraiek dira kapitalismoa eta heteropatriarkatuaren erreakzino bortitzenei aurre egiten dietenak.
Horregatik, krisi klimatikoa gelditzeko borrokan, feminismoari ere, gaiari oratzeko eta neurri erradikal eta urgenteak hartzeko momentua heldu zaio. Aldaketa klimatikoaren kontrako neurri eraginkorrak exijitzeko momentua da, baita klimaren aldeko borrokak feminismoaren gihar eta indarrarekin laguntzekoa ere. Patriarkatu kapitalistaren ordez, bizitzak erdigunean ipiniko dituen eredu justu eta jasangarria sortzeko momentua.
Irailaren 27an, berriz ere, gure bizitzak eta planeta suntsitzen dituen sistema heteropatriarkal kapitalistari planto egiteko aukera izango dugu. Berriz ere, gure etorkizuna defendatzeko kalera irtetzeko aukera izango dugu.