Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea bigarren aldiz aldatzeko lege proiektuaren aurrean FerministAlde-ren agerraldiaren testua
Asteazkena, 2021eko martxoaren 24a.
Egun on. Eskerrik asko FeministAlde gonbidatzeagatik.
Talde feminista autonomo gisa, eta Euskal Herriko mugimendu feministaren partaide aktibo gisa, aurkeztu zaigun lege proposamena baloratzen hasi aurretik, ohar bat egin nahi dugu:
- Genero berdintasunaren arazoa, eta emakumeek eremu askotan jasaten duten diskriminazio iraunkorrarekin dagoena, ez da legerik eza; izatez, arau gehiegi dagoela iruditzen zaigu (legeak, planak, programak, eta abar). Arazoa da 4/2005 legea ez dutela betetzen Eusko Jaurlaritzak berak eta erakundeek. Horren adibide dira Lanbidek behin eta berriz emandako ebazpenak eta jarraibideak, ama bakarreko familiei diru sarrerak bermatzeko errenta aitortzeari buruzkoak.
- Hori oso larria da, berekin dakarrelako legea dekorazio elementutzat hartzea, eta herritarrei legegintza prozesuekiko mesfidantza sortzen dielako.
- Lege berriak egiten, aurkezten, eztabaidatzen, hobetzen emandako denbora guztia ez da bideratzen jada indarrean dauden legeak bete daitezen ahalegintzen.
- Gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen arau esparruarekin eta borondate politikoarekin, aurrerapauso eraldatzaile eta erabakigarriagoak egin litezke.
- Gainera, legeak egiteko makineria lanean jarri aurretik, funtsezkoa iruditzen zaigu orain arte egindako guztia ebaluatzea, neurtu ahal izateko aurrera egiten den ala ez, zer arlotan eragin behar den gehiago, edo zein eremutan aldatu behar den norabidea. Izan ere, legearen inguruan 2015ean egindako azken ebaluazioak agerian utzi zituen haren mugak, bai formetan bai funtsetan, nahiz eta kanpoan utzi zituen hainbat gai garrantzitsu, hala nola oinarrizko gizarte eskubideei buruzko balorazioa. Horregatik, beharrezkoa da ebaluazioa eraginkortasunez, maiztasunez eta independentziaz egitea, argitzeko ea berdintasun politiketan inbertitzen den diru publikoa norabait doan edo emaitza esanguratsurik lortu gabe lausotzen den. Kezkatuta gaude orain arte egin diren ebaluazioek agerian utzi dituztelako gabeziak eta ez-betetzeak, eta gero erakundeek ez dituztelako zuzendu.
- Beste gai batek ere kezka eragiten digu: berdintasun politikek ez balio izatea benetako arazoak konpontzeko, edo soilik balio izatea gu dinamika burokratiko eta antzuetan entretenituta egoteko.
- Beraz, uste dugu berdintasunari buruzko legedian inflazio bat dagoela, eta horrek ezkutuan uzten duela legedia horren ez-betetze etengabea. Legeak aurkeztuz, ilusioa sortzen da berdintasunaren alde gehiago egiten delakoan, benetan egiten dena baino.
Duela hilabete batzuk, 2020ko irailean, Nazio Batuen Erakundeak genero indarkeriaren alorrean duen errelatore bereziak emandako ebazpen batek agerian utzi zuen Bizkaiko Foru Aldundiak genero aurreiritziak eta estereotipoak iraunarazi zituela, zaintza partekatuko kasu batean Gurasoen Alienazioaren Sindromea (GAS) delakoa aplikatzean. Kasu bakana al da euskal erakundeetan ala arazo orokortua? Zer neurri eta erantzukizun ezartzen ari dira?
Errealitate horren aurrean, beharrezkotzat jotzen dugu:
- Lehenik, indarrean dagoen arau esparrua osorik bete dadila.
- Bigarrenik, egiten diren lege berriek beren derrigortasun izaera indartzea.
- Hirugarrenik, lege berri horiek ez dezatela gehiago sostengatu desberdintasunak erreproduzitzen dituen eredu bat, ahalbidetu dezatela emakumeek harrapatuta dauzkan zoru itsaskorretik ihes egitea, eta gehiengoaren bizitza duintzeko ere balio dezatela.
Ohar horien ondoren, has gaitezen hona ekarri gaituen lege proiektuarekin:
Lehenik eta behin, gure aurretik egin diren hitz-hartze batzuen ildotik, lege proiektuak ez du hertsatzerik jasotzen, ez hizkuntzan, ezta neurrien garapenean ere. Berriz ere, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari buruzko lege testu batek oso hizkera ahula erabiltzen du, eta hala, zuzenbide “biguna” sortzen du. Pertsona guztiak behartu beharko lituzkeen lege bat, finean, printzipioen deklarazio hutsera mugatzen da.
Ohikoa da berdintasunerako arauak adierazpenez beteta egotea, izaera loteslerik gabe, eta, beraz, sarri bertako neurriak ez betetzea eta ezer ez gertatzea, erantzukizunik ez ezartzea. Aitzitik, zuzenbidearen beste adar batzuek, hala nola jabetzarekin eta inbertsioekin lotutakoek, edota merkataritza arauek, korporazio zuzenbide gogorra sortzen dute, guztiz eraginkorra, aldebakarrekoa eta nahitaez bete beharrekoa.
Hona hemen lege proiektuaren izaera boluntaristaren adibide batzuk:
- “Sustatu” edo “bultzatu” bezalako aditzak behin eta berriz erabiltzea.
- Ez da eperik ezartzen gobernu maila guztietan legeak dakartzan neurriak hartzeko, ezta berdintasun politika publikoak ebaluatzeko mekanismorik ere.
Bigarrenik, Emakundek landutako memoria ekonomikoak estimazio ekonomiko bat jasotzen zuen, administrazio publikoaren maila guztietan gutxieneko egiturak bermatzeko. Oro har, langile espezializatuak bikoiztea ekarriko luke, eta berdintasun politiketarako aurrekontua handitzea. Agian horrela iritsiko ginateke hainbestetan aipatutako %1era.
Legea gutxienean betetzen dela bermatzeko tresna bat zen memoria hori, harrigarria bada ere, desagertu egin da legea izapidetzeko prozesuan. Berreskuratzeko eta aplikatzeko eskatzen dugu.
Hirugarrenik, harriduraz ikusten ari gara nola euskal erakundeek kontsigna feministak ikasi dituzten, baina ez duten aplikatu nahi horiek errealitate bihurtzeko neurririk. Izan ere, zahar etxeak pribatizatzen jarraitzen dute, legeria autonomiko batek ere eragotzi gabe. Gogorarazten dizuegu pribatizazioak langileen lan baldintzak eta erabiltzaileen bizi baldintzak okertzea dakarrela. Alde horretatik, bereziki kezkatzen gaituzte Artolazabal sailburuak behin baino gehiagotan egindako adierazpenek, berarentzat ez baitirudi zaintza horiek prestazio publikoa izan behar dutenik.
Bizitza benetan erdigunean jartzeko, legeen bidez aurrera egin behar da zaintza sistema publiko bat antolatzeko eta abian jartzeko, enplegu publikoa indartuz eta bizitzari eusten dioten lanak duinduz. Harritu eta kezkatu egiten gaitu zaintza sistema publiko horren aipamenik ez egoteak, eta gainera, oso larria iruditzen zaigu etxeko eta zaintza lanei buruzko kapituluan berriz ere zaintzaileentzako atseden programez eta prestakuntza eskaintzez baino ez hitz egitea. Beste behin ere, zaintza esparru pribatuan eta emakumeen esku uzten da.
Horretarako diru asko behar da, esango diguzue. Egia da, lehentasun kontua da. AHTak zenbat diru publiko eraman du eta eramango du oraindik?
Azkenik, eta indarkeriari buruzko atalean labur-labur sartuta, esan behar da gai konplexua dela, eta denbora faltagatik ezingo dugula gehiegi sakondu, baina ohar pare bat egin nahi ditugu:
- Kezkatzen gaitu lege honek oraindik ez dituela konpondu biktimen eta bizirauleen arretan dauden gabeziak, indarkeriari buruzko kapitulua aldatu arren. Zer eragin izango du legeak protokoloetan eta zerbitzuen karterari buruzko dekretuan, adibidez?
- Errealitatean, emakumeek berriz biktimizatzen dituen ibilbide bat egiten jarraitzen dute, administrazioak ez baitira haien beharretara egokitzen.
- Ildo horretan, berriro ere agerian geratzen da memoria ekonomikoa berreskuratzeko beharra, arreta integralari aurre egiteko baliabide nahikoak izateko.
Lege proiektuari buruz aipatzeko askoz gai gehiago egongo lirateke, baina lau puntu horiek lehenetsi ditugu.
Eskerrik asko.