Merkataritza-fluxuak eta mundu-mailako inbertsioa liberalizatzeko kapitalaren agendak,
ezinbestekoan, bereari eusten dio: Munduko Merkataritza Antolakundeak (OMC)
abenduaren 10etik 13ra arte elkartuko da Buenos Airesen, gobernantza
neoliberalarena den bitarteko hau berrabiarazi nahian, Dohako Erronda izenekoak
etengabe porrot egin ondoren. Horrela, berriro sustatu nahi da enpresa transnazional
handien menpe dagoen merkatu handi orokor desarautua osatzeko aspaldiko ametsa,
agenda korporatibo berriaren mugarri eta elementu berriak bilduko duen akordio
aldeaniztuna sinatuz.
Munduko Merkataritza Antolakundea eta hitzarmen saldo berria.
Ekonomia neoliberalaren gobernantzaren muinean Munduko Merkataritza
Antolakundea kokatzeko saiakera berri hau fronte osagarri batzuk dituen ofentsiba
zabal batean kokatzen da. Horien artean, garrantzitsuena, merkataritza eta inbertsio
hitzarmenen saldo berria dugu, non azken urteotan hedabideen palestrara ekarri duten,
eta hainbat eta hainbat berrikuntza dakartzan, zein baino zein kaltegarriagoak herrimailentzat.
Belaunaldi berriko hitzarmenez ari gara.
Europako Batasunak, eta haren baitan Espainiako Estatua nabarmenki, aitzindari
dihardute kapitalaren eraso berri honetan. Honela, urriaren 27an (Kataluniako herriaren
aurka 155. artikuluaren ezarpena onartu zen egun berean hain zuzen), Espainiako
senatuak oniritzia eman zion, PP eta EAJren botoekin, Europako Batasunaren eta
Kanadaren arteko CETA hitzarmena berresteari. E.B.ren ustean, hitzarmen eredugarria
dugu, hots, aldi berri honetan sustatu nahi omen diren gailu nagusiak hartan biltzen
dira: muga-zergak deuseztatzen dira, enpresak eta estatuen arteko liskarrak ebazteko
bitartekoak (arbitraje-epaimahaiez ari gara, non enpresek estatuak sala ditzaketen) eta
batik bat, konbergentzia arautzailea izenekoa. Baliabide honen bitartez armonizatu
nahi da, beherako joera duten estandarrak ezarriz, merkataritza eta inbertsio fluxuei
eragin liezaiekeen araudi oro: lan eskubideak, ingurugiroa, zerbitzu publikoak, etab.
Horrela, beherako joera duen armonizatze horrek gure bizitzetan berehalako ondorioak
lituzke: enplegua suntsituko litzateke, lan eskubideak galduko lirateke, hitzarmen
kolektiboak zalantzan jarriko lirateke, guztiona eta publikoa dena pribatizatuko litzateke
(osasungintza, hezkuntza, pentsioak,…), gizon eta emakumeen arteko berdintasuna
lortzeko xedean egin politiken inplementazioari trabak paratuko litzaizkioke, botiken
kostua handituko litzateke, EB-en galaraziak dauden elikagaiak prozesatzeko jarduteari
ateak zabalduz elikagaien kalitate-estandarrak urrituko lirateke. Eta abar luze bat.
Europa, gaur egun, beste 25 herri eta eskualdeetako erakundeekin mota honetako
hitzarmenak negoziatzen ari da, adibidez, Japoniarekin, Mercosurrekin edota
Indiarekin, besteak beste. Honi dagokionez, nahitaezko bi hitzarmen nabarmentzen
dira, politika eta ekonomia mailan, sinatzaileek duten garrantziagatik, nahiz barne
hartzen duten gaiak agerikoak direlako: TTIP eta TISA. Aurrena, Ameriketako Estatu
Batuekin negoziatu behar zen, 2015. urtean, EB-k lehentasun estrategikotzat definitu
arren, gaur egun zokoratua dago, Donald Trumpen agenda erreakzionarioarekin talka
egin duelako; hala ere, haren behin-betiko estrategia hitzarmen mota honekiko
gauzatzeke dago oraindik. Hala ere, CETAk EB-ko ateak zabaltzen dizkie Estatu
Batuetako multinazional nagusiei, hauetako askok Kanadan dauzkaten filialen bidez
sartuko direlako Europan. Bigarrenak zerbitzuen opil handiari eragiten dio, zeinak gure
gizartearen jarduera ekonomikoaren ia %70a ordezkatzen duen.
TISArekin, mundumailako kapitalak, alde batetik, haren bidea eragotz ditzaketen arauketak ezabatu nahi
ditu, horrela, bidea are garbiagoa izan dezaten zerbitzu transnazionalez hornitzen
dituzten korporazioek (inportazioak, portuak, bankuko operazioak, pertsonen joanetorriak
eta lan-esku merkea), eta bestetik, zerbitzu publikoak are gehiago zabal
daitezen merkatura. Neurri honek eragingo lieke beraien artean oso ezberdinak diren
esparruei, adibidez, bertako elikagaiez kudeatu eskola-txikiari nahiz ur-zerbitzua berriro
udalaren esku gera dadin saiatzen ari den administrazioari. Oro har, gure ondasun eta
zerbitzu komunak (adibidez, garraio publikoa eta hezkuntza) apur bat demokratikoa
izan daitekeen kudeaketa inplementatzeko aukerari nahiz zaintzako zerbitzu publikoen
eskaintza urria handitu ahal izateari egiten zaien eraso ikaragarri batez ari gara, hauek
ezinbestekoak izanik berdintasun mailan aurrera egin dezagun. Honez gain, ahalik eta
mozkin handien lortzeko logika bakarrak eragin handia izango du hauen hartzaileen
babesean.
Hortaz, esan dezakegu eraso honetan, erabateko lausoz eta obskurantismoz,
ulergaitza gertatzen den letra-zopa bitartez negoziatuta, ongizate estatuaren azken
zirrikituak estali nahi dituztela, gure eskubideak gutxiengo baten esku dauden erosgai
hutsetara murriztuz. Eta esparru horretan sortzen da Munduko Merkataritza
Antolakundea, korporatiben agendako erreferentziazko tarte gisa berriro sustatzeko
ekimena. Pertsonok eta planeta osoa xake-taula orokor baten fitxak gara; Argentinan
jokatuko da hurrengo partida.
Buenos Aires: herrien hitzordu saihetsezina
Abenduan, Buenos Airesen egingo den gailurra enpresa transnazionalen menpe
legokeen estrategia finkatzeko saiakeretan giltzarria izango da. Aldeaniztasuna
zabaldu nahi dute, egun arte, hori bitariko akordio bidez hedatu da. Beraz, gure
eskubideak eta herri-burujabetza mehatxatzen duen jauzi kualitatibo batez ari gara, eta
horretan, funtsezkoa deritzagu erasoaren garrantziaren pare egongo den erantzuna
artikulatzeari.
Hain zuzen ere, Munduko Merkataritza Antolakundea edota Nazioarteko Moneta
Funtsa bezalako erakunde ez-demokratikoen bidez, kapitalismo heteropatriarkala,
merkataritza eta inbertsio hitzarmen hauekin batera estuki jardunez, salerosketa gai
hutsak garen eredu honen oinarriak eta haren bizitzeko modu hegemonikoaren
agendan sendotzen ahalegintzen da. Finantzen desarautzeak, gure eskubideak
urritzeak, militarizazioak, xenofobiak, bizitzaren alderdi guztiak merkaturatzeak gure
biziraupen bera arriskuan jartzen dute; dagoeneko hori gertatzen zaie arrazoi
ekonomikoengatik piztu diren gerretan, beren herriak utzi behar izan dituzten edota
baztertuak diren milioika pertsonari mundu zabalean, gordinki esanez, sistemaren
ikuspegian, “ez dutelako balio”.
Monopoly ero honetan, agertu berri den bide batetik lehiatzen ari dira: merkataritza
elektronikoa eta datuen jabetza. Horixe dira hain zuen Munduko Merkataritza
Antolakundeak egingo duen Gailurrean lehenetsiko diren eztabaidagaiak. Buenos
Airesen, merkatu berri hauen lerro nagusiak marrazten saiatuko dira, hauen
liberalizazio zabala sustatuz. Honek beraien artean oso ezberdinak diren esparruei
eragingo die, adibidez, datu pertsonalen banaketa eta jabetza mugatu ez izateari
(salerosketa edota lurraldeak erostea adibidez), segurtasunaren izenean libertateak
murrizteari, ezagutzaren espoliazioari edota teknologien kontrolari.
Laburbilduz, Buenos Airesen egingo den Gailurra bizitzaren merkaturatze guneak
handitzeko estrategiaren giltzarria da, beti ere, korporazio handi gutxi batzuen
mozkinen menpe. Bizi dugun dimentsio anitzeko krisialdi-egoeran gaudela
(elikadurarena, zaintzarena, ekonomiarena, ingurugiroarena,…), gailur honetan
erabakiko denak egoera larriagotuko du soilik, eredu honi, egungo abagunera ekarri
gaituen ereduari hain zuzen, egiten zaion estutze berria delako.
Gaur egun, herriok erabakigarriak izan behar dugu bizitza beraren aldeko borroka
honetan: kalera atereaz, elkartasunean, berdintasunean, bizitzaren zaintza kolektiboan,
auto-kudeaketan eta elkarrekiko laguntzan, tokian tokiko botereak indartuz eta
merkatuek eta hauen gaizkideek darabilten logika kriminalari desobedituz. Horretan,
aurki, lehen hitzordua izango dugu mobilizazioarekin, baita Euskal Herrian ere,
Munduko Merkataritza Antolakundeak egingo duen Gailurrari aurre egiteko.
Euskal Herriak TTIP eta CETA ez!
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta