EMEKI: 44.zenbakia. 2018ko azaroak
“Haurduntza subrogatuak lege eta politika arloko agendari eragiten dio, dirua baliatzen duen industria baita, eta horrek zuzeneko zerikusia du alderdi neoliberalek arautzeko duten nahiarekin”
Ianire de la Calva ingeniaria da, lesbiana, ama adoptatzailea eta FeministAlde! kolektibo feminista, antikapitalista eta internazionalistako kidea. Haurduntza subrogatuari buruzko artikulu eta elkarrizketak argitaratu ditu 2017ko hasieratik zenbait komunikabidetan eta Emakundek uztailean gai honi buruz antolatutako UPV/EHUko udako ikastaroetan parte hartu du
Zein testuinguru politiko eta sozialetan aztertu behar dugu haurduntza subrogatua?
Funtsezkoa da haurduntza subrogatua mundu heteropatriarkal eta kapitalista baten testuinguruaren barruan sartzea; izan ere, eredu horrek emakumezkoen gorputz eta sexualitatearen gaineko kontrol argia ezartzen du aberastasun iturri gisa. Ezin hobeto azaltzen du Silvia Federecik, esaten duenean uteroa ikusten dela langileen fabrika gisa sistema kapitalistaren hasiera-hasieratik. Lan merkatuaren prekarizazio gero eta handiagoak, herritarren krisialdiak eta gora doan pobreziaren feminizazioak eragin dute indarkeria ekonomikoaren egoeran egotea, eta hortxe haurduntza subrogatua aukera ezin hobea ari da lortzen.
Uste al duzu subrogazioaren industriak iritzi publikoaren barruan bultzatzen duela jardun hori aurrerapenaren elementua delako ideia?
Haurduntza subrogatua aurrerapenaren kontrako elementua da. Familiaren eredu tradizionalari lotzen zaio eta horretan kode biologizista oso indartsua da. Sara Lafuentek esaten duen bezala, “erreprodukzioaren aldeko diskurtsoak historikoki erabili izan dira gizonezkoen eta emakumezkoen arteko desberdintasunak naturalizatzeko eta justifikatzeko”. Gainera, haurduntza subrogatuak oso hazkuntza nahi zehatzari ematen dio irtenbidea, lotura genetikoa duen oinordetza propioari alegia, amatasun eta hazkuntza alternatiboko beste eredu batzuetatik urrunduz, hala nola adopziotik, harreratik, baterako hazkuntzetatik, mapetatik, etab.
Aita edo ama izateko nahia gizarte kontsumista honen beste osagai bihurtu al da?
Aita edo ama izatea nahi legitimo eta ulergarria da, eta, gainera, pisu itzela du imajinario sozialean, baina ez da eskubide bat. Badakigu jakin nahiak eskubide bihurtzea dela neoliberalismoak egin ohi duena; beraz, zalantzarik gabe, atzean estrategia bat dago. Diru bidez bakarrik existitzen diren eskubideak pribilegioak baizik ez dira. Nahi bat ezin egon daiteke eskubide baten gainean, eta horixe da abusuzko klausulekin izenpetutako haurduntza subrogatuaren kontratu askotan gertatzen dena.
Zein da une honetan defendatzen duzun eredua eta zeintzuk dira horrek sorrarazten dizkizun zalantzak edo kontraesanak?
Nire iritziz, garrantzitsua da aldekotasun edo kontrakotasunean ez erortzea, haurduntza subrogatuaren lau eredu desberdin daudelako. Ni konformeago egongo nintzakete erabat altruista den eredu batekin, baina horri ere arazoak ikusten dizkiot. Garbi ez dudana zera da: nola antolatu hori marko legal baten barruan. Izan ere, nik balora dezaket nire ahizparentzat sabelean haztea, baina ez dut kontraturik behar hori horrela izango dela ziurtatzeko. Zalantzarik gabe, niretzat baliagarria den aukera bakarra merkantilizatu gabeko irtenbidea da, baina uste dut bestelako harreman eta hazkuntza mota alternatibo batzuei eman behar zaiela garrantzia.
Uste al duzu hautapen askea soilik erabiltzen dela jokoan dauden eskubideak emakumezkoenak direnean
Benetako askatasuna soil-soilik ager daiteke justizia eta berdintasuna azaltzen direnean, bestela botere erlazioa ezartzen baita. Hori berori gertatzen da haurduntza subrogatuaren kasurik gehienetan; izan ere, arraza eta klase desberdintasunak pilatzen dira eta ez dira plano berean kokatzen kobratzen eta ordaintzen dutenak. Hautapen askearen mitoa neoliberalismoaren amarrurik handienetariko bat da, Ana de Miguelek azaldu zuen bezala. Nire askatasunari dagokionez, muga kolektiboak daude, esate baterako gorputz organo bat ezin erostea. Pentsatu behar da non jarri nahi ditugun muga horiek gizarte modura. Haurduntza subrogatuan emakumezkoen
gorputzen alokairua muga horietariko bat izan liteke.
Haurduntza subrogatua erregulatzeko asmoak zerikusirik al du espainiar estatua laguntza bidezko ugalketan potentzia izatearekin?
Oraintxe bertan ugalketako turismoaren jomuga nagusia da. Tratamenduen % 40 inguru atzerritik datozen pertsonek jasotzen dituzte. Donazioa anonimoa da legez eta konpentsazio ekonomikoa du; horregatik, beste toki batzuetan baino eskaintza zabalagoa dago. Estatu mailan laguntza bidezko ugalketaren % 75-80 inguru sektore pribatuan egiten da; horrexegatik azaltzen da haurduntza subrogatua lege eta politikaren arloko agendan, dirua baliatzen duen industria delako. Horrek zuzeneko zerikusia du alderdi neoliberalek arautzeko duten nahiarekin. Ñabartu beharra dago haurduntza subrogatua ez dela laguntza bidezko teknika bat, baizik eta ugalketa gaitasuna emakumezko batzuengandik beste batzuengana transferitzea.