Tere Maldonado, Berria
Ezin uka daiteke milagarren aldiz oraingo honetan ere, times are changing, Bob Dylanek kantatzen zuenez duela mende erdi luze, gauzak ez direla egun aspaldi izaten ziren modukoak. Eguneroko gure bizitza pribatuetan zein elkarbizitza kolektiboan. Harreman pertsonaletan zein lan munduan. Kirolean zein artean. Irakaskuntzan zein kazetaritzan. Politikagintzan zein militantzian. Eta azken horretara nindoan, hain zuzen ere.
Behinola militantziaz hitz egiten genuen soilik, geroago modan ipini zen aktibismo hitza ezagutzen ez genuenean. Pentsa daiteke ia sinonimoak direla. Baliteke. Nik uste dut, ordea, kutsu eta konnotazio desberdinak daramatzatela euren baitan. Batzuek militantzia hitza ez dute gustuko, militarismotik arrasto gehiegi mantentzen dituelako. Ados. Baina beste esangura batzuekin ere hornitu nahi izan dugu, bereziki konpromiso kolektiboarekin loturikoekin. Militantea zen ez kausa bat era abstraktuan eta teorikoan bere kabuz defendatzen zuena; ez ideia batzuen alde agertzen zena okindegian, tabernan edo lankideen artean. Militantea zen kartelak pegatzera ere joaten zena; batzarretan parte hartzen zuena; aisiatik denbora kenduta orduak sartzen zituena talde-lana egiten, zerbait kolektiboa eraiki nahian. Militantea izatea zen, eta da, talde baten partaide gisa jardutea. Gainera, mugimendu sozialetako militantzia ez da partidu politikoenaren antzekoa, non, azken finean, botoen saria bilatzen baita. Ez, musu-truk izaten da gure militantzia.
Miren Arangurenek planteatzen zuen ildotik (Nigandik hasita, BERRIA, 2016/02/24), beste askok ere pentsatzen dugu konpromiso kolektiboan dagoela koska. Baina berak adierazten zuenez, gure mundua gero eta indibidualistagoa da. Eta argi dirudi (galdetu gotzainei) hedonistagoa ere badela. Zer esanik ez, feministok plazera defendatzen dugun aldetik hedonistak gara, eta emakumezkoak indibiduoak garela defendatu behar izan dugu askotan. Aldi berean, konpromiso hitzak oihartzun batzuk ekartzen ditu gogora, hedonistok oso gustukoak ez ditugunak: betebehar, erantzukizun eta ardurarekin lotutako oihartzunak. Biziki errefusatzen dugun judu-kristautasunaren tradiziotik aztarna gehiegi gure gorputzetarako. Ederto, bada, hor ditugu osagarri nagusiak aktibismo indibiduala sustatzeko, militantzia kolektiboaren kaltean. Agian hortik susma daitezke Arangurenek aipatu militantziarekiko egungo desprestigioaren arrazoi batzuk.
Artearen eremuko happening eta performance izenekoekin ikusten diot antza nik aktibismo kontzeptuari, nolabait. Militantzia baino indibidualagoa da. Postmodernoagoa. Arinagoa. Eramangarriagoa. Aktibismoak ez du zertan jarraitutasunik izan, aldizkakoa ere izan daiteke, gurarien araberakoa. Aktibista izateko ez dut zertan beste inorekin ados ipini, are gutxiago epe luzerako, nahikoa dut neure buruarekin, edo nire lagun gertuenekin. Azken finean, gizarte likidoan ekintza solteak era puntualean antola daitezke, bata hemen, bestea hor, lotura handirik gabe. Jakina, ez naiz esaten ari ez direla egon behar (performance-ak eta aktibismo feminista konkretuki), esaten ari naiz beharrezko ikusten dudala konpromiso kolektiboa ere. Hau da: nahi izanez gero talde baten partaide aritzea. Emakumea, antolatu eta borrokatu leloaren atzean zegoen ideiaz ari naiz. Horixe da jendarte mugimendu eraginkorra osa dezakeen bakarra. Sugar handiko momentuetan jende asko inguratzen da, baina tarte asko daude non fokuak eta arreta mediatikoa desagertzen diren, eta horietan ere hausberoak mantendu behar dira. Nahi izanez gero, jakina, erabaki pertsonala da, bai, baina kolektibo baten aurrean zertzen da, talde baten baitan soilik gorpuzten da. Konpromisoa alda daiteke, noski, edo bertan behera utzi (ez, ordea, edozein modutan, ezta taldekideak eta taldea bera aintzakotzat hartu gabe ere). Militantziak aktibismoarekiko zein boluntariotzarekiko antzekotasunak izan ditzake, baina ez da bata ezta bestearekin ere nahasten.
Arangurenek esaten zuenez, feministok esparru askotara hedatu gara, eta poz-pozik egoteko modukoa da; izan ere, feminismoaren hedapenaren kausa eta ondorioa da hori aldi berean. Lanbide eta eremu anitzetan egoten gara, eta oraindik gehiagotara ailegatu behar dugu. Baina ez genuke nahasi behar geure jarrera pertsonala eremu desberdinetan (ogitan edo lanean gaudela) militantziarekin. Azken hori trinkoagoa da. Planifikatua. Estrategikoa. Taldean adostua. Militantziak ez du ekartzen bakarrik denbora librea betetzea, edo norberaren aberastasun pertsonala handiagotzea; feminismoak aldarrikatzen duen politikoa denaren definizioaren biraketa gauzatzea baizik. Komuna eta guztiona den horretan inplikazioa eskatzen du. Ez era puntualean, ez gaur bai baina bihar hondartzara noa (militante hedoniston dilema izaten dena askotan). Berriro Arangurenen hitzak: «ekintza norberarengandik hasi arren, ekiteak elkarrekiko harreman bat ekarri behar du». Derrigorrean. Mugimendu feministaren politikaren gakoa elkarlana da. Badaude gauza batzuk bakarrik en comú egingo ditugunak. Ez artaldearen moduan, jakina, oso agindupeko txarrak gara feministok: parte-hartze aktibo eta kritikoaren bidez soilik. Nigandik hasita, gugandik jarraituz.