Anabel Sanz del Pozo (FeministAlde)
Ustekabe atsegina izan da guretzat Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak EAEko VII. Berdintasun Planaren inguruan eginiko txostena. Egiaz, ez dio ezer berririk; Ekonomia eta Gizarte Kontseilua horko iritziekin bat etortzea, horixe da berria.
Berdintasun planek aurrera egitea, izan ere, errotiko aldaketa sakonak ekarriko lituzketen zenbait konturi lotua dago, eta gaur egungo berdintasun planetan ez dira aurreikusten aldaketa horiek. Baina, zalantzarik gabe, orain daukagun hori askoz eraginkorragoa izan daiteke.
Kritikak direla eta, Emakunderen argudioa da planek lege agindu bati erantzuten diotela, eta, agindu horren arabera, Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi oro onartuko duela plan nagusi bat, non modu koordinatuan eta orokorrean jasoko baitira esku-hartze ildo batzuk, euskal botere publikoek jakin dezaten nola bideratu behar duten emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko jarduera. Agindu horrek prozesuak hertsatzen ditu, eta haien eragina neurtzeko ebaluazioak egitea eragozten du, ez du ematen denborarik indarrean dagoen plana abiarazteko, eta, azkenean, ñabardura batzuk gorabehera, planak betiko berberak izaten dira. Plan berri bat —abiarazi gabeko aurreko plan horren ordezkoa— egiteak berekin dakarren gastua, berriz, hobe litzateke beste modu batean erabiltzea. Kritika horiek —sektore batzuek nazkatzeraino errepikatuak—, orain artean, ez dute balio izan planteamendu berri bat egiteko.
Baina arazoa ez da prozedurazkoa bakarrik; badira ahaztu ezin diren auzi funtsezko batzuk ere. Batetik, Emakundek, Lehendakaritzaren mendeko erakunde autonomoa izaki, aholkatzeko eta sustatzeko gaitasuna besterik ez du. Gutako askoren iritziz, kontseilaritza bat izan beharko luke, eta, hala, gaur egun duen mendekotasun hori gaindituko luke, eta eskumen maila handiagoa izango, borondate politiko benetakoa erakutsiz berdintasun planei merezi eta behar duten protagonismoa emateko. Aurrerantzean ere Emakunde erakunde bat izan dadin defendatzen du Eusko Jaurlaritzak, transbertsaltasuna aiseago erdiestearren; baina, egiaz, aholkulari huts izate horrek borondatezkotasuna dakar berekin, kontseilaritzek baitute planak abiarazteko eskumena. Horrez gainera, 30 urtean berdintasun planak izan ondoren, egiaztatzeko moduan gaude haiei dagokien garapena, aurrekontua eta eragina ez direla izan espero bezalakoak.
Bestetik, transbertsaltasunaren tranpa dago. Hori lanabes ezinago baliotsua denez berdintasun politikak abiarazteko, lidergo politiko argi eta sendorik izan ezean, sail guztietakoak benetan inplikatu ezean, eta aurrekontu nahikoaz eta langile espezializatuz hornitua izan ezean, erresistentziak azaleratzen dira, geldikeriarako zurigarri ere bihurtzeraino, eta hori ezinago erabilgarria da politikoki zuzenaren diskurtsoa sendotzeko. Eskuarki, falazia bat baliatu ohi da: genero ikuspegia sartzeak ez dakarrela berez lan handiagorik. Egiaz, birplanteatu beharra dakar, oro har eta sakonean, egiteko modua bera eta abiaburutzat dituzten aurrekontuak, eta kontzeptu eta metodologia berriak erabiltzea eta erresistentzia pertsonalak gainditzea berdintasunaren alde. Feminismoak kalean irabazia du erakundeak berdintasun planak abiaraztera behartzen dituen legeria, eta, 2018ko Martxoaren 8az geroztik, ezin eztabaidatuzkoa da legitimitatea, baina Eusko Jaurlaritzak ez dio txintik ere.