Bilbo Feminista Saretzen-ek deituta, gaur prentsaurrekoa egin dugu Bilboko M8aren antolaketa eta aurreikusitako ekimenak azaltzeko:
Azken bi urtetan Bilbok feminismotik mobilizatzeko duen gaitasun izugarria erakutsi du.
2018 eta 2019ko grebek milaka emakumeren inplikazioa bultzatu dute feminismo antolatuan, eta grebaren kontzeptua bera zabaltzeko eta birdefinitzeko balio izan digu, orokorrean emakumeok egiten dugun soldatarik gabeko lan ikusezinera hedatuz. Guztion artean gogoeta egiteko ere balio izan digute, baita indarrak metatu eta estrategia berriak pentsatzeko ere.
Aurten berriro ere Bilboko kaleak beteko ditugu, eta ozen eta argi esango dugu: jendarte eredu hau bizigaitza dela pertsona gehienontzat, batez ere emakume eta genero disidenteontzat, eta jasanezina planetarentzat. Aurten Euskal Herrian ez dugu grebara deitu, eta batzuek gure aldetik ezintasun bat edo su-eten bat dagoela ikusarazi nahi izan dute. Ez bata eta ez bestea. Borroka feminista beharrezkoa da oraindik, gaur duela urtebete bezala, horregatik joan ginen Hego Euskal Herrian urtarrilaren 30ean greba orokorrera eta orduan ere Bilboko kaleak feminismoz bete genituen. Greba feminista emakume langileak antolatzeko bitarteko bat gehiago da, ez da helburu bat, beste eredu sozial eta produktibo bat salatzeko eta aldarrikatzeko tresna bat baizik, eta ahalegin eraldatzaile horretan jarraitzen dugu.
Guk ez dugu berdintasun formalik nahi, ezta mugarik gabe kontsumitzeko edo pertsonak eta lurraldeak esplotatzeko berdintasunik ere, ez dugu munduko beste leku batzuetan eta gure inguruan emakume askoren esplotazioa sakontzen duten errezeta neoliberalik nahi. Tokian-toki jarduten dugu planeta osoko gure ahizpa feministekin konektatuta egoteak ematen digun ikuspegi globalarekin.
Haiekin eskubideen galera, hondamendi ekologikoa, gerra suntsitzaileak eta lurraldeen desjabetzeak salatu eta borrokatuko dituen feminismoa defendatzen dugu; herrien suntsiketa eta erabakitzeko eskubidearen ukazioa; pertsonak haien etxeak uztera behartzen dituzten derrigorrezko desplazamenduak, eta hesi arantzatuekin eta heriotza-politikekin jasotzen direnak; migrazio-politikek eta ultraeskuinak suspertutako arrazismoa eta xenofobia salatuko dituena. Gure feminismoak hainbeste ahaleginekin lortutako eskubide sozial zein politikoetan emandako atzerapausoari egin behar dio aurre. Baina, gaur ozen eta garbi diogu, aurrean gaituzue!! Aurrean gaituzue azken urteotan gure kontrako errepresioa erabili ondoren ere, aurrean gaituzue gu kriminalizatu nahi gaituzuenok ere.
Bilbon aurten feminismoan emakumeen autoantolaketaren beharra azpimarratzen jarraituko dugu. Neoliberalismoak hain eragin handia duen mundu honetan, indibidualismo basati eta atomizatua sustatzen duen mundu honetan, komunitate feminista konprometitua eraiki behar dugu, sare sozialek eragiten duten pasibotasuna gaindituz. Kaleetan eta talde, kolektibo eta asanbladetako antolakuntza feministaren bidez ere presioa egin behar dugu. Eta horretarako bitartekoak ere eskatzen ditugu, izan ere Bilbon urte luzeez beharrezkoa dugun EMAKUMEEN ETXEA behingoz politika feministen erdigunean egotea nahi dugu.
Arrazoi horiengatik guztiengatik, martxoaren 8 honetan suntsitzen gaituen kapitalismo basatiari aurre egingo dion, eta xenofobia gure sozializazioaren parte bihurtuz eskubideen zatiketa proposatzen duen arrazakeria instituzionala apurtzeko borrokatuko duen feminismoa aldarrikatuko dugu. Gure feminismoak eredu zurrunetan eta errealitatetik urrun itotzen gaituen gorputzen merkantilizazioa eta binarismoa borrokatzen ditu, norberaren gorputzerako eskubidea, sexu- eta ugalketa-eskubideak, aniztasuna eta sexu-askatasuna defendatuz. Eta, azkenik, gaur eta beti, eskuin mutur zaharkitu, misogino eta homofoboari aurre egiten dion feminismo antifaxista defendatzen jarraituko dugu. Berriz ere errepikatuko dugu, aurrean izango gaituzte, ez dira pasako!
Beraz Bilbon aurtongo martxoaren 8a dela eta, 4 egunetako mobilizazioak egingo ditugu. Ostegunean martxoaren 5ean 18.30etan hasiko gara Justizia Jauregiaren aurrean ekintza bat eginez. Ostiralean, martxoaren 6an gure feminismoa antiarrazista dela ozen esateko 11.00etan emakume migrante eta arrazializatuek Extranjeria eta Eusko Jaularitzaren aurrean kaleak okupatu eta mobilizatuko dira. Arratsaldez, 19:45etan Aldundiaren aurrean eseriko gara arrazismoa salatzeko. Larunbatean, martxoaren 7an, gurea feminismo antikapitalista dela aldarrikatzeko 19.00etan Gran Vía eta Astarloa kaleen arteko bidegurutzean elkartuko gara eta kale osoa hartuko dugu emakumeok, beltzez, gure diskurtsoa erosi eta kontsumo bilakatu nahi dutenak seinalatzeko. Aurten ere martxoaren 7an gauez manifestazioa egingo dugu Arriagatik hasita. Kaleak gureak direla aldarrikatuko dugu eta kaleaz gozatzera goaz. Azkenik martxoaren 8an egun osoan zehar Bilbo gure egingo dugu, borroka egun bat delako eta feminismoa antolatua dagoera nabarmentzeko. Mobilizazio nagusiena baina igandean 13.00etan izango da Jesusen Bihotzetik.