FeministAlde! Bilboko talde feminista, antikapitalista eta internazionalista da. Adin ezberdinetako emakumeok osatzen dugu talde hau; lesbianak, hetero eta bisexualak; egoera funtzional anitzekoak; gehienak Euskal Herrikoak, nahiz eta batzuk beste kultur jatorriak ditugun; komunean dugu funtsezko ideia bat; denok sinesten dugu feminismoa ezinbesteko tresna dela jendartea eraldatzeko.
Mugimendu feministaren ekintza, mobilizazio eta kanpainetan parte hartzen dugu; patriarkatua eta kapitalismoa salatzen dugu; feministon arteko eztabaidarako espazioak sortzen ditugu eta gure lana zein ikuspegi feminista bestelako borroka eta plataforma-sozialetara zabaltzen dugu, feminismoak arlo guztiak zeharkatzen baititu.
Talde bezala ditugun lehentasunezko gaiak dira: indarkeria matxistaren adierazpen guztien aurkako salaketa; mugimendu askearen aldeko eskubidearen aldarrikapena eta neska zein emakume errefuxiatuen eskubideen aldarrikapena; ekintza kolektiboaren eraikuntza eta artikulazio feminista; kapitalaren, neoliberalismoaren eta faxismoaren aurrerapausuen kontrako borroka.
FeministAlde! Taldetik bizitzako arlo guztietara zabaldu nahi dugu borroka feminista. Ekintza zein hausnarketa eta eztabaida sortu nahi dugu, gizartean orokorrean eta mugimendu feministan, zehazki, baina baita bestelako kolektibo sozialetan ere.
Feminismoa sustraitik plurala dela mundu guztiak dakien eta askotan errepikatzen den zerbait da, horregatik ezinbestekoa iruditzen zaigu zein den guk oinarritzat hartzen dugun feminismoa zehaztea.
Defendatzen dugun feminismoaren sustraiak, orain hiru mendeko Europako iraultzetan daude. Iraultza haietan, emakumeek, boto eskubide, hezkuntza, eta orokorrean ukatzen zitzaizkien herritarren eskubideen alde egin zuten borroka. Hau da, gure feminismoa sustraitzen da, lehenengotik euren eskubideak defendatzen Frantziako Iraultzan parte hartu zuten emakumeegan, eta gero sufragistengan.
1960 eta 1970 hamarkadetako feminismo erradikalaren oinordeko ere sentitzen gara. Feminismo honek argi eta garbi adierazten du borroka feministari eremu pertsonala ere badagokiola, eta ustez pribatuak diran kontuek, amodioa esate baterako, alde politiko ukaezina daukatela.
Feminismo erradikalak erakutsi zuen sexuen arteko justizia bermatzeko, aldaketa osoa eta iraultzailea behar dela eta erreforma partzialak ez direla nahiko.
Gure feminismoa guztiz antikapitalista da eta “A ze pare zitala! Patriarkatua eta kapitala” oihukatzen ez gara nekatzen. Izan ere, oraingo krisiak erakusten duen moduan, kapitalismoak eta patriarkatuak elkar elikatzen dute. Horregatik, genero, gizarte maila eta arraza zapalkuntzen kontrako feminismo intersekzionalaren aldeko apustua egiten dugu.
Gure ustez, antikapitalismoak eta feminismoak eskutik joan behar dira, munduaren ikuspegi androzentrikoa deseraikitzeko. Bizitzaren iraunkortasunaren alde borroka egitearekin batera, gure interdependentzia eta ekodenpendentzia erreibindikatzen ditugu eta borroka kolektiboan sinesten dugu.
Gure feminismoa antiinperilista ere bada eta munduko bazter guztietako emakumeen askapen ahaleginekin bat egiten dugu.
Mendebaldeko inperialismo eta kolonialismoaren gaur egungo eta iraganeko eragin kaltegarri eta bidegabeak, planeta osoan zehar aurki daitezke, eta hegemonia kultural eta zapalketa sistematikoan gauzatu dira eta oraindik gaur egun gauzatzen dira.
Hori dela eta, elkartasun feminista globala defendatzen dugu, munduko feminista ororen borrokak, borroka bakar baten parte dira, “bat ukituz gero, denak erantzuten dugu” diogu, borroka eta erresistentzia feminista eta internazionalista batean sinesten dugu eta ahal den neurrian, beste herrialdeetako emakumeen borroka eta erresistentzien bozgorailuak ere bagara, euren borrokak babestuz, gureak ere baitira.
Parte hartzen dugu: