Azaroaren 25ean, indarkeria matxisten aurkako nazioarteko egunean, feminismo antikapitalista eta internazionalista aldarrikatzen dugu eta Palestina kausa feminista dela esaten dugu!
Elkartasuna adierazten diegu bizitza sostengatzen duten eta genozidioari aurre egiten urtebete baino gehiago daramaten emakume palestinarrei. 70 urte baino gehiago daramatzate garbiketa etnikoari, okupazio militar eta kolonialari eta Israelek inposatutako apartheid sistema gordinari aurre egiten.
Feministak garelako, gerren eta militarizazioaren aurka gaude. Lurralde eta gorputzak esplotatzen dituzten heteropatriarkatu kapitalistaren aurka gaude baita haien indarkeria estruktural eta sistemikoen muturreko adierazpideen aurka ere.
Gerrek mina eta heriotza merkantilizatzen dituzte sistema bidegabe eta harrapari honen onurarako. Horren erakusgarri dira azken urtean gastu militarra handitu izana eta armagintzarako dituzten onurak.
Gerrek hiriak, ospitaleak, eskolak edo etxeak suntsitzeaz gain, botere-harreman hierarkikoak indartzen dituzte, indarkeria matxistak areagotzen dituzte, desberdintasunean sakontzen dute eta bizitza birsortzea eragozten dute.
Israel azken urtean egiten ari den genozidioa palestinarren bizitzak esplotatzeko eta desjabetzeko prozesu luze baten beste fase bat baino ez da.
Okupazio militarrak eta kokaguneen kolonialismoak hamarkadak daramatzate palestinarrak beren lurretatik eta baliabideetatik desjabetzen eta bizitzeko iturriak kentzen. Militarrek eta kolonoek palestinarrak etengabe atxilotzea, torturatzea eta umiliatzea; lantokietara, eskoletara eta osasun zerbitzuetara egiten dituzten ibilbideak bat-batean blokeatzea; etxeak eraistea edo hornidurak etetea dira palestinarren egunerokoak.
Hainbat eta hainbat erakunde palestinarrek Israelgo militarrek palestinarren aurka erabiltzen duen indarkeriaren zigorgabetasuna larriki seinalatzen dute, eta, bereziki, emakumeen aurka erabiltzen duten indarkeria: bularreko minbiziaren tratamenduak egin ahal izateko Gazatik irteteko baimenak ukatzetik hasi eta osasun-larrialdietan bideak blokeatzeagatik kontrol militarreko postuetan abortuak egiteraino.
Militar eta kolono israeldarrek indarkeria espezifikoak eta sexu-indarkeria erabiltzen dituzte emakume palestinarren aurka, eta emakumeen gorputza erabiltzen dute borrokaleku gisa, biztanleria oso bat izutzeko eta Palestina aske batekiko erresistentzia deuseztatzeko.
Bestalde, kontraesankorra da Israelek kanpainak egitea emakumeen eta LGTBIQ pertsonen defendatzaile gisa.
Gazan militarki esku hartuz, “salbatzeko”, armadaren praktikek egitura heteropatriarkal tradizionalak indartu baino egiten ez dituzten bitartean: zenbat eta indarkeria militar eta kolonial handiagoa, orduan eta indarkeria matxista tasa handiagoak etxeetan.
Israelen purple washing eta pink Washing estrategiak salatzen ditugu, baita narratiba horiek erosten dituen nazioarteko komunitate konplize bat ere, gobernu genozida baten zigorgabetasuna ahalbidetzen duena.
Guk, herri palestinarraren erresistentzia bizitzaren aldeko borroka gisa ulertzen dugu, feminismoen aniztasuna elkartasun internazionalistaren inguruan bildu beharko lukeena. Gerra-makineria errotik desegingo duen feminismoaren aldeko apustua egiten dugu.